XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Eta zelan azaldu da jardun barri ori...?.

- Naikoa ondo Jaungoikoari esker.

Etxe ona gertatu da, eta ugazabandreak oso ondo ta maitetsu darabil.

Amabostero etxean dogu asteburua gurekin emoteko, eta izan be, bera datorrenean badirudi eguzki izpi batek etxe goibel onetako ituntasun eta itzalak uxatzen dauzala.

- Noiz dagokio etxera etortea...?.

Itaun au egitean, Mikel'en biotza taupada zorotan asi zan.

- Datorren Larunbaten emen izango dogu arratsaldean, eta Igandeko bazkalostean Bilbo'ra biurtuko da.

Mikel'ek ez eutsan beste itaunik egin, eta orduko berandu samar izanik, Errose bere lo-gelara igon zan, eta gazteak sutondoan iraun eben, etorkirako asmoak egiñez, eta bere maite kutuna gogoan laztanduz.

Gero, ganbarako bere lo-gelara joan zan, eta burusi ta izara barriakaz atondutako oera sartu aurretik, antxiña baten egin oi ebanez, leiatillan zear baserrien argiakaz zipriztindutako Gernikalde'ko zabaldi ederra begiztatu eban.

Urrengo egunean, egunsentiaz batera jagi zan, eta gosari ariña artuta, etenbako lanari emon eutsan.

Lenengo, korta egokitu eban, etorteko zan abelgorriak leku egokia izan egian.

Zorionez, ira-meta andi bat osorik aurkitu eban, eta onen bidez kortako azpigarria barritu eban.

Arratsaldean errira jatsi zan etxea egokitzeko gaiak erostearren, au da, teillak, igeltsu, kare, ol batzuk, untzeak etab.

Urrengo goizean gaiok gurdi baten eldu ziran, eta astirik galtzeke, etxe-konpontze ta apainketeari emon eutsen, baita alboko estalpean bearrezko egokitze-lanak egiten jardun eban.

Beste egun bat jaio zan, eta adore barrituaz Mikel'ek bedar-ebateari emon eutsan.

Iñoizkorik adoretsuen egun guztia lan onetan emon eban, eta eguzkia Errigoitia'ko mendien atzetik ostentzen zanean, sail guztia moztuta agertzen zan.

Mutilla indarren mugan oartzen zan, baiña aldi berean zorion bakan batek jota.

Egun aretan bertan, urrengo egunean abelgorria-ta, etorriko litzakezalaren mezua igorri eutsan Pruden'ek.

Egunoro Errose'k eta Mikel'ek etxekojauna sapaillora ataraten eben, eta besaulki eroso baten jesarrita, Martiñ'ek bere etxaguntza begi itxaropentsuakaz laztantzen eban.

Ain zuzen be, Intxalde'ko morroia biurtu zanetik, Martiñ'ek kemen barri bataz berpiztuta zirudian.

Baiturea egin zanetik amaika nekaldi ta naigabe jasan ebazan Intxalde'ko nagusiak.

Bai, eriotza nai izateraiñoko oiñazeak.